#institutuko gorabeherak
Explore tagged Tumblr posts
Text
MANUELA VIRTO, MATEMATIKAK IRAKASTEN BERRITZAILE
Manuela Virto Arrigorriaga institutuko Matematika irakaslea joan den irailaren 17an azaldu zitziagun ETB 1eko albistegian, zientzia, eta zientzien artean matematikak, irakasteko modu berritzaileagoa erabiltzen duelako. Dirudienez, azkeneko ikasleei egindako ikestek gure neska-mutilek zientzia eta alor horretako gaiak ez dituztela oso gustuko erakusten dute; horregatik, erakunde eta Gobernutik hainbat ekimen berri sortu dituzte ikasgai latzak atsegin gerta dakizkien ikasleei.
0 notes
Text
IZARREN ARTEAN, IZARO
Badakigu pixkat berandu gabiltzala, aspaldi izan zelako gure Izaro Arbide ikasleari buruzko albistea,...bai, gure ikastetxean ikasi du eta OSO HARRO gaude, Bizkaian Hautaprobetako notarik onena izan duelako, 9,8.
Arrigorriaga institutuko komunitateko kide guztiek ZORIONIK beroenak eman nahi dizkizute, ikasketetan eta bizitzan nahi duzuna egitera eta izatera hel zaitezen.
Honi buruzko albistea 2013ko ekainaren 30eko El Correo egunkarian aurkituko duzue.
0 notes
Text
HASIERAKO EGUNA!
Berriro hemen...ez dakigu gogoak ekarri gaituen ala bi hilabetetan ikusi gabeko lagunak berriz agurtzeko eta besarkatzeko asmoak..., edozelan ere IKASTEAren bueltan ibiliko gara denok, gure ala gure ez, ikasle eta irakasle. Negarrak, barreak eta besarkadak, egun hunkigarria 2013-2014 ikasturteri hasiera emango dion lehen eguna.
Mantsotasuna izan da nagusi gela eta pasabide barrenetan, txintxo-txintxo bideratu dira gazteak euren ikasgeletara nork eta zein ordutan emango dien zein ikasgaia jakin nahian. Batzuen poza nabaria aurpegietan irakasle bat edo bestek emango diola, edo zerreda bat edo bestean dagoela jakitean; beste batzuek, ordea, muturra luzatu dute.
Animo, ikasturte berriari gogor ekiteko!!!
0 notes
Text
GELA ITXIKO IKASLEEI AGURRA
Arrigorriaga institutuko gela egonkorreko ikasle maitagarriak -Mikel, Carla, Miren, Dani, Eneko eta Iñaki- berakatza baino finago ibili dira zer agindu, hura egiten, protesta gutxi eta alaitasun handiz, ondorengo bideoak erakusten duen bezala, ikasturtean zeharreko ekintzak betetzen. Ze majuak, ezta? Zuei ere bideoa guri beste gustatzea espero dugu!
0 notes
Text
2012-2013ko URTEKARIA
Ea nor dagoen non, ea zer nolatan atera garen...aldrebes, alderantziz, guapo-guapo ala...zelan!!! Ni ez nago eta!!!! Aiba!!, Iker....birritan agiri da....hau da hau!!!!!
Hemen duzue irakasle batzuek, Tere Uribe-Etxebarriak eta zuzendaritzakoek besteak beste, egin diguten urtekaria. Memoria galtzen badugu ere, non begiratu izan dezagun, egunen batean antzinako lagunez edo garaiez gogoratu nahi izatekotan.... oroitzapen politak, ezta???
Dokumentuaren handia dela eta, ezin bada behar lukeen moduan ikusi, saiatu ondorengo esteka klikatzen, ea hobeto dabilen 2012-2013KO URTEKARIA
0 notes
Text
GURE 2. BATXILERGOKO IKASLEEI AGURRA
Sei urtez izan ditugu ikasle fin eta prestuak ikastetxean, gure hitzei adi, liburu eta koaderno potoloetan begi eta atzamarrak galdurik. Ezaba ezin daitekeen ukitua utzi dute ikastetxeko zoko eta bazterretan, baita komunitate honetako garen irakasle eta bestelako langileen bihotzetan ere. Ummmm!!! gure hormek hitz egingo baluteeee!!!! Hirugarren solairuko pasillua hutsik geratu da egunotan ikasleen zalaparta alaiaren faltan.
Horregatik, agurrik beroena eman nahi izan diegu guztiei, ekitaldi samur eta beroa sortuz, hemendik aurrera, gure laguntasun xumerik gabe aurrera tiratzeko gauza izango direlakoan. Egunen batean bisitan, besterik ezean, etorriko zaretelako esperantza ez dugu galduko. Eta, gure aldetik, ZORIONAK eta zorte on bizitzan
Iazko esperientziak ikusita, ekitaldia Lonbo aretoan egitea aproposagotzat jo zuten antolatzaileek, saioan parte hartu duten horien luzimendurako zein ekintzaz gozatuko duten ikusleen plazererako. Egun horretan grabatu zen bideoaren luzera dela eta, lauzpabost zatitan ageriko zaizue orduan hartutakoa.
Eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldian parte hartu zuten guztiei, ikasle, ikasle ohi, irakasle, guraso eta gure bideoaren montajea egin duen Felix Bilbaori bereziki.
0 notes
Text
EMAKUME LANGILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Gaur, martxoak 8, emakume langileen nazioarteko eguna delako hainbat izan dira elkarte, edo erakundeek antolatu dituzten ekitaldiak munduko emakumeen aldeko eskubideak aldarrikatzeko. Gure ikastetxean urteak daramatzagu ekintza bereziak egiten. Hasteko, goizean atarian zain izan ditugu trikitilariak doinu alaiez esnatzeko eguna; bi ikaslek zetozen ikasle-irakasle guztiei lazotxo moreak jarri izan dizkiete bitartean.
Dotore apaindu digu Jasone atezainak ataria: goitik zintzilikatuetako euritakoetatik ur tantak darizkiela, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunean berdinak edo berdintasunean ezberdinak garela adierazi nahian.
Atsedenaldian izan dugu ekintzarik gehien. Patioaren erdi-erdian koloreetako klarionaz emakumeen sinboloaren irudi erraldoia gauzatu dute horretarako prest egon diren ikasleek:
Barruko hormetan ere atzo hasi zuten irudia gaur bukatu dute margozten. Ea zer deritzozuen!
Bertso tailerreko ikasleek, denen aurrean eta lotsarik gabe, abestu dituzte aldez aurretik prestatutako bertso paperak emakumearen eguneroko sekulako lana omentzeko.
Azkenik, dantza saiotxoa ere izan dugu. Asteetan ibili dira gure neska-mutilak ( Andrea García Meneses, Ainhoa Etxebarria roseras, Laia Santamaria Valín, Maialen Hurtado eta Jon Ipina) gaur denen aurrean agertzeko.
Zuek ere Pentsatu duzue etxe, kale edo gizartean orokorrean zer egin dezakezuen berdintasunaren alde? Ea datozen garai berrietako gizakia gaurkoa baino gizarte berdintsuago eta legezkoago batean bizi den!!! Egin dezagun denok lan hori lortzeko.
www.asisucede.com.mx
0 notes
Text
INAUTERIAK EUSKAL HERRIAN
Euskal Herriko antzinako tradizioari loturik, herri txikietan nahiz hirietan ospatzen diren inauteriak egiten dira. Herri eta egun desberdinetan ospatzen diren erromatar garaitik datozkigun jaiak dira.
Eta Noiz ospatzen dira? Garizuma aurretik ospatzen dira tradizio katolikoa duten herrietan bereziki. Erdal hitzaren jatorria latinetik datorela ikus dezakezue: Carnaval hitza= Carne (haragi) levare(utzi). Hala bizkaierazko hitzaren jatorriak esanahi antzekoa luke: aratuzteak (haragia jateari utziko zaion aldia, eta inautek "inausi", kimaketaz izango luke zerikusia, udaberriaren etorrera ospatzeko garaiaz
Ikusgarriak eta ikaragarriak dira egiten diren kalejirak, dantzak, danborradak, antzerkiak, jolasak etab. Hemen herri batzuk aipatuko dizkizuegu, ea zer deritzozuen!!
zangozaikastola5.blogspot.com
Bizkaian: Mundaka eta Markinakoak dira aipagarrienak.
Mundakan igande inauterian, gizon eta mutil talde handi bat (atorrak) kaleratzen da, musika jotzen eta abesten. Zuriz jantzita joaten dira guztiak, musika bandaren zuzendaria izan ezik. Aurpegia bistan daramatenek bibote eta papilote handiak pintatzen dituzte haien aurpegietan.
Markinan inauteri ospakizun bereziak daude. Zahagi dantza da ezagunena zortzi lagunen artean egiten dena. Horien aurretik hartzarenpertsonaia ibiltzen da, zaintzaile batekin, inguruko jendea izutzen. Antzara-jokoaere zaldi gainean egiten den ikuskizun polita duzue.
Zuberoan: neguko maskaradakdira bereizgarrienak. Maskaradetan dantza ibiltariak, jolasak, txantxak, janzkera deigarriak, herriaren parte-hartzea, erakusketak, lanbideen antzezpenak, arraza baztertuen antzezpenak, eta musikarekin biltzen dira kalez kale. Bi talde ia antagonikoetan banatzen dira: batetik gorriak ditugu, dotore jantzita daude, ordenatuak dira eta dantzaren pauso eta mugimenduetan txukunak; eta, bestetik beltzak ditugu, desordenatuak eta maltzurrak direnak, ibiltariak zirikatzen dituzte, oihu egiten dute eta, noizean behin, barrikadak egiten dituzte.
Nafarroan: Lantz ,Unanue, Ituren eta Zubieta dira aipagarrienak, itzelezko jaiak egiten baitituzte.
Lantzen astelehen eta astearte inauterian izaten da festa. Pertsonaia nagusiak Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak dira. Miel Otxin lastoz egindako hiru bat metroko panpina da. Asteartean enparantzara eramaten dute Txatxoez inguraturik, eta han epaitu egiten dute. Tiroz hil eta lurrera botatzen dute erraldoia. Zatitu eta sua egiten dute haren gorpuarekin. Zortzikoa dantzatzen da suaren inguruan.
Unanun, Mamoxarroak zuriz jantzitako gazteak dira, gerriko beltz edo gorriz, eta kriskitinak soinean, aurpegia metalezko maskara batez estalita; inaute-astearteko arratsaldean kalera irteten dira makilaz armaturik, kalean harrapatzen duten edonor jotzeko. Muttuak emakumez jantzitako pertsonaiak dira, gehienak makilaz armaturik baina kolore biziekin jantzita eta kriskitinik gabe; herri afari batez bukatzen da inauteria. (erabili.com-etik hartuta eta moldatua)
Ituren eta Zubietan Joalduna edo zanpantzarrak dira pertsonaia tradizionalak. Herri bateko eta bestekoen janzkera desberdina da: iturengoek ardi-larru bikoitza eta zapi gorriak daramatzate soinean; Zubietakoek, ordea, ardi-larru bakarra eta zapi urdina. Guztiek eramaten dute isipua eskuineko eskuan eta kapela dotorea buruan. Txano horri Ttuntturroaesaten zaio. Horregatik ematen zaie joaldunek “Ttuntturroak” izena.
Gipuzkoan, Donostia eta Tolosa dira ezagunenak, eta gaur egun jende asko eta asko joaten da bi herri horietara.
Donostian: 1814 urtetik ospatzen dira, lehenengo erreferentzia historikoen arabera, konpartsa eta karrozen desfileekin, bereziki. 1924 urtean jokoa eta mozorroak debekatu eta frankismoaren garaia bukaturik, 1978 urtean hasi ziren berriz ere. Kaldereroen festa da entzutetsuena
Tolosan Inauteriak baserri giroari esker mantendu dira. Aipagarriak ostegun gizen eta ostiral melar egunak. Tolosa bera mozorro izugarria bihurtzen da. Zezenketak, karrozen desfileak, konpartsak, lehiaketak eta abarrek sekulako giro alai eta zaratatsua ematen diote herriari, Tolosa erreferentziako hiri-inauteri bilakatu dutena.
Araban Zalduondoko jaiak dira entzutetsuenak Markitos pertsonaiarekin, traje beltza eta gorbata eta guztiz jantziriko panpinak arrautza azalez egindako lepokoa darama; asto baten gainean paseatzen dute herri osoan zehar, gero sei metro luzeko makila baten puntan orduetan uzten dutelarik. Azkenik arratsaldeko saioan epaiketa egiten diote Markitos errudunari.
Aipatutako herri eta hiriez gain, gaur egun nonahi dauzkagu desfile, dantza, antzerki eta abar, negu gordinari agur esateko prest, natura bere lozorrotik esna dadin, antzinakoek egiten zutenaren antzera. Mozorroturik joatea da tokietako bazter guztietan jendeari gehien gustatzen zaiona. Gure ikastetxean ere, nahiz eta ekitaldi berezirik egin ez, ikasleek arratsaldean eta ondorengo egunetan biziko dutenearen keinu txikiak utzi dizkigute, nahi izan duten erara jantzita etorririk. Imajinazioa ez dute falta!!!!!
Aroa Elvira eta Julen Barcenilla
0 notes
Text
URTE BERRIA, KONTU ZAHARRAK
Lehenengo eta behin URTE BERRI ON opa dizuegu guztioi, urtea alai eta pozik hasi baduzue, hobeto buka dezazuen. Arean berandu ibili arren, hona gatozkizue institutuan Santo Tomas egunean egin genuen jaiaren argazkiekin. Zein ondo pasa genuen, ezta??? Hura giroa, neska-mutilok!!
0 notes
Text
2012ko SANTOMASAK INSTIAN
Ez dakigu mundua 21ean bukatuko den antzinako maien zibilizaziokoek esan zuten moduan; edozelan harrapa gaitzala gozatzen. Hala beste urte batez gure HNPko arduradunek, Tere, Karmele eta Izaskunek, ondotxo lotu dituzte ostiral honetan izango diren ekintzak. Badaezpada, gogoratzen ez baduzue zer, non edo noiz, hemen utziko dizuegu egun horretako egitaraua.
0 notes
Text
GURE HORMETAKO ARTELANAK
Aurreko ikasturtean, 1DBHko ikasleek kolore eta tamainen munduan sartu ziren plastika klaseetan. Orduan landutakoen ondorioz segidan jarri dizkizuegun gure horma erdi biluziak betetzen dituzten margoak atera dira. Gaurko ikasleak, etorkizuneko artistak!!!!!!!
Era berean, 3DBHko marrazketako zenbait ikasleren lanak ere jarri ditugu. Ea zein animalia duzuen gustukoen!!!!
0 notes
Text
IKASTURTE HASIERAN, ZAHARRAK BERRI
Irailaren 6a, goizeko 10:00. Ikasle saldoa ateetan zain egokitutako gelak, taldeak eta irakasleak ezagutzeko prest. Udako giroek, festa alaiek, gaugiro epelek eta lasaitasunak toki egin beharko diete liburu, koaderno eta ikasketei. Ez da, edozelan, horren gogorra izango,ez; ikastetxean egin dituzten eta egingo dituzten lagunek eta hartuko duten heldutasunak etorkizunerako bidean lagunduko dietelako. Horrela, bada, ongi etorriak izan!!!
Eta, ikus dezazuen irakasleak ere gogoz datozela, zuek ikusteko eta ezagutzeko irrikaz, aurkezpenak ondo joan direla adierazteko, zelebratu egin dugu irudian daukazuen lunch bikainarekin. Topa!!!!
0 notes
Text
KOMIKI-LEHIAKETAKO IRABAZLEAK
Aspaldi eman zitzaion hasiera komiki lehiaketari, eta arazoak arazo, zeintzuk izan diren onenak erabaki ezinik ibili garelako edo, azkenean, joan den ostiralean sariak banatu zituzten Euskara batzordekoek. Segidan jarriko dizkizuegu mailaz mailako finalisten eta irabazleen lanak. Ea gustuko dituzuen!
Komiki Lehiaketako Irabazle Eta Finalistak
1DBH: Naroa eta Maider Irabazlea: Jon
2DBH: Iratxe, Jon Ander eta Julen. Irabazlea: Julen
3.DBH: Garazi, Iratxe eta Ivan. Irabazlea: Iratxe Zorionak irabazleei eta eskerrik asko parte hartzaile guztiei.
0 notes
Text
BATXILER 2.ko IKASLEEI AGURRA
Maiatzaren 28an lehenengoz egin zitzaien agurra gure batxiler bigarreneko ikasleei. Izan ere, gehienek sei urte eman dituzte gurekin; azterketek, lanek, kontrolek eta noten gorabeherek ez ezik irriek, begiradek, maitasun eta lagun handiek ere bete dituzte ikasleen urte luze horiek guztiak. Zer esanik ez, batzuetan nekatuarazi bagaituzte ere, gure bihotzetako baztartxo epelean gordeko ditugu haien izaera alai, zalapartatsu, eta atseginak. Zorte on ondorengo ikasketetan eta batez ere bizitzan!!!!!
zorionak guztiei!!!!
0 notes
Text
GELA EGONKORREKOAK
Ostegunean gela egonkorrera joan ginen, haiekin hitz egiteko eta haiei buruz pixka bat gehiago jakin genezan. Ikasle guztiak ez zeuden arren batzuekin hitz egin ahal izan genuen: alde batetik, Eneko, June, Jon Ander, Esperanza eta Iñaki ikasleekin; eta, bestetik, Mari Cruz eta Haize irakasleekin. Oso gustura egon ginen haiekin, aparteko zailtasunak dituzten ikasleak izan arren, oso-oso pertsona atseginak direlako.
Enekok 13 urte ditu, eta 2 urte daramatza Arrigorriagako institutuan; Basaurin bizi da. Junek 16 urte ditu, martxoaren 2an bete berri ditu, eta 3 urte daramatza institutuan; Ugaokoa da. Jon Anderrek 15 urte ditu, bere hirugarren urtea da institutuan; hura ere Ugaokoa da. Esperanzak 16 urte ditu; bi urte daramatza institutuan eta Igorrekoa da. Iñakik 15 urte ditu eta lehenengo urtea da institutuan , Arrigorriagan bizi da.
Gela egonkorrean egiten dituzten ekintzak gainerako gelatan egiten diren ekintzen antzekoak dira baina askoz ere era errezago batean. Etxerako lanak ere bidaltzen dizkiete gela egonkorreko ikasleei, ez pentsa!!. Teknologiari dagokionez, ez dute aparteko teknologia aurrerapenik erabiltzen, Iñaki ikasleak izan ezik: hitz egiteko arazoak dituenez, tablet-a erabiltzen du bertan dagoen programa bati esker besteekin komunikatzea lortzeko. Gela orduei dagokionez, gainerako ikasleak dituzten gela orduak dituzte, baita jolasordua eta jantokia ere, ordu berean dituzte. Ikasgelan egiten dituzten ariketen artean, musika, jolasak, pegatinak jartzea, eta plastika egitea dira haientzat ariketa gustagarrienak. Institututik kanpo gehien gustatzen zaizkien ekintzak igerilekura igeriketa egitera joatea da . Bestelakoetan, lagunekin egotea, irakurtzea eta multikirolak praktikatzea dira gogoko dituzten jarduerak.
Haien artean nahiko ondo konpontzen dira, ez nahi beste baina ez dira kexatzen. Institutuan gustura daudela esan ziguten. Institutu barruan haien lagun minenak hauek dira:
Juneren lagunik onena Imanol da. Jon Anderrena Yeray (pepi); Esperazarena Sairis da, Iñakirena June eta Enekorena, berriz, Idoia da.
Nahiz eta galdera zaila izan eta asko konprometitu izan, haien irakaslerik gustukoena nor den galderari erantzun ziguten. Juneren irakaslerik gustokoena Patricia da; Jon Anderrek zioen ez daukala gustatzen zaion irakaslerik. Esperazarena, berriz, Irene da; eta Iñakirena, Esti. Enekoren irakaslerik gustukoena, berriz, Mari Cruz da.
Pena izan zen, adibidez, Miren ikaslea faltatu izana. Ainara, Elena eta Eider irakasleen hutsunea ere nabari izan genuen. Ander Arandia eta Garazi Zalbidea
0 notes
Text
AMODIOZKO GUTUNEN LEHIAKETA 2012
Atzerapena eta zenbait eragozpen gorabehera, azkenean maiatzaren 4an egin genuen urte birik behin ikastetxean egiten dugun AMODIOZKO GUTUNEN LEHIAKETAren sari banaketa. Ez da erraza izan erabakiak hartzea, batzuek idazlan bat zutelako gustuko eta beste batzuk, ordea, besteren bat. Gogotsu hartu dute gure 4DBH, 1 eta 2 batxilergoko ikasleek idazlearen lana sentipen eta sentsazioak papereratzeko.
Ekitaldian ateratako argazkiak bideotxo batean bildu ditugu betiko gorde dezazuen egun horretako oroitzapena. Eta, segidan irabazleen zein finalisten gutunen irakurketaz goza dezazuen, hementxe iltzatuko dizkizuegu idazlanak.
Irakurtzearen plazeraz gozatu!!!!!
AMODIOZKO GUTUNEN LEHIAKETA 2012
0 notes