Text
Zuri-zuri
Idurre Eskisabel. Berria, 2013-02-24 Bira
Nagikeriarik gabe, are, gogotsu igo du gaur Idoiak pertsiana. Irrikaz zabaldu ditu errezelak, eta begi aurrean ikusi duenak pozkarioz bete du: aurreikuspenek ez dute hutsik egin, zuri-zuri dago dena. «Elurra teilatuan, zakua lepuan», kantatuz esnatu ditu umeak, esku zarta ozenekin lagunduta, txindatak jotzen ariko balitz bezala. Gero kilimak egin dizkie, eta biak lepoan hartuta eraman ditu leiho ertzera: «Begira, begira, elurra! Dena dago, zuri-zuri!». Malutaz bete dira Jone eta Oierren begiak, eta hirurak algaratan lehertu dira. Tetrabrikekoaren ordez, egiazko laranjak zukutu ditu. Eta bezperako ogia txigortu du. Eta txokolatea egin du. Jonek jertse jantzi berria marrubi marmeladarekin zikindu duenean ez da haserretu; aitzitik, potean behatza sartu eta sudurra igurtzi dio: «Hara, Pirritx!». Algarak, berriz. Korrika atera dira etxetik, txamarra eta txanoetan babestuta, eta elur-bolak jaurti dizkiote elkarri, eta panpina egin dute. Algaraka. «Ama, zergatik zaude hain pozik?». Nola azaldu dena zuri-zuri dagoelako dela? Nola zuritasun horrek eguneroko ezintasun eta damuak ezabatu dituela? Nola orri zuri bat behar duela berriro bizitza marrazten hasteko? Algara egin du.
0 notes
Text
Baserritartzen
Julio Soto. Berria, 2013-02-13 Larrepetit
Zeruari begira bizi da baserritarra. Zeruak ematen baitzion jaten, baitio. Udaberrian eskatzen du euria. Egin dezala gutxi, baina maiz. Sagardoarekin bezala. Atera dadila belarra, berdatu daitezela soroak. Ukuilu bete animalia izaten da neguan. Berde, berde behar dira belazeak horiek ateratzerako. Eta eskatuko du eguzkia maiatzaren lehenean, ardiak mozteko. Udaberrian bezala beharko du euria udaran ere. Negua negu eta ganbara belar fardoz, bolaz hornitzeko. Bazkalostean isilduko dira denak, eta entzungo dute eguraldiaren iragarpena. Gutxienez bi eguneko eguzki betea beharko du belarra siloan sartzeko. Beharko ditu hiru belarra ihartzeko, ontzeko. Haizeari erregutuko dio. Jo dezala hegoak. Errazago egiten dute lan batera. Beteko du ganbara eta erregutuko dio zeruari bota dezala, bota dezala euria. Egun asko direla lurrik busti gabe, eta bazterrak gorri daudela. Pagoak soiltzen hasi direla. Agortu dela iturriko txorrota eta aziendak egarri direla. Baina badakizue, behin botatzen hasi eta gelditzea ahaztu. Tomateak herdoilak joko ditu, eta patatarik ezin atera. Aitzurra eta katiuskak atarian zain. Eguzki zain. Udazkeneko bazkalosteetan ere isilduko dira. Ea izotzak ez dituen erretzen ateratako belarrak. Ea eguzkiak goxatzen duen arto bilketa. Eta negua. Gaur ere zuri argitu du egunak. Atertu dezala, mesedez. Mendian dituela behorrak eta bukatzen ari zaizkiola ganbarako belarrak. Zeruak ematen baitie jaten. Egunkarietako lehen orriak betetzen dituzte mendi elurtuek, haizeak botatako zuhaitzek, urak betetako sotoek, jendeztatutako igerilekuek. Eguraldiari buruzkoak albistegietako lehen minutuak. Eta azken hogeiak. Bazkalostean isilduko dira denak, eta entzungo dute iragarpena. Martipeneko sukaldean bezala Bilboko bederatzigarren pisuko egongelan. Baserritartzen.
0 notes
Video
31. atala
DBH (pildorak)
2013-ko urtarrilak 9
Institutu bateko 8 irakasleren gorabeherak kontatzen ditu umorezko telesaila honek.
0 notes
Video
Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatu da. Hunen karietan, Gaztezulo aldizkariak bideo sorta bat ekoiztu du. Bertsolari, musikari, zinema egile, idazle, kirolari ala kazetari zonbaitek azaltzen dute euskara nola bizi duten egunerokotasunean, pozak, trabak ala sentimenduak aipatuz. 2012an egina.
0 notes
Audio
Amancio Ortegak Caritasi 20 milioi euro ematea, zer da? Filantropía? Marketinga? Kontrako iritziak agertu dituzte "Faktoria"n Xabier de la Mazak eta Fakun Aznarezek.
0 notes
Text
Albiste bat
Idurre Eskisabel. Berria, 2012-10-25 Bira
Alberto Rodriguezek 76 urte zituen. Beharbada, ondoezik sentitu zen eta horregatik sartu zen ohera pijama jantzita. Beharbada, ikusi zuen heriotza etortzen, baina makalegi zegoen aldamenekoaren atea jotzeko edo telefonoa hartu eta larrialdietara deitzeko. Edo, beharbada, heriotza ikusi zuen etortzen, baina lotsagarriegia zitzaion aldameneko arrotzaren txirrina jotzea eta etsigarriegia telefonoz larrialdietara deitzea. Akaso, aspertuta zegoen bere bizimodu bakartiarekin, eta pilula saldoa irentsi, pijama jantzi eta ohean sartu zen heriotzaren zain. Edo, akaso, maite zuen bere bizimodu bakartia eta heriotzak ezustean harrapatu zuen, lozorro gozoan. Nolanahi ere, bakarrik hil zen Alberto Rodriguez, sorterritik urrun.
Bakarrik hil zen, baina, batik bat, bakarrik bizi zen. Pentsa daiteke politeziazko agurrez gaindi hartu-eman gutxi zuela ingurukoekin. «Edukatua eta atsegina da» esaten zutela hari buruz auzoek. Ez dakigu inoren gogoan iltzatuta dagoen; ez dugu jakingo inor ba ote zen haren gogoan iltzatuta.
1997an hil zen Alberto Rodriguez —espainiarra omen—, Lillen. Orain egun batzuk momifikatuta aurkitu dute bere ohean, kasualitatez, ur isuriak konpontzera joandako langile batzuek. Hiperkonektatuta bizi garen garaiotan, hedabide guztietan ikusi dugun albiste bitxi bat.
0 notes
Text
Menopausia
Arantxa Iturbe. Berria, 2012-10-21 Larrepetit
Europearra negarti azaltzen zen. Beretzat amaiera zen. Ordura arte haurrik izan gabea, «inoiz ez zen garai egokia, beti neukan aurreragoko zerbait», sekula ezingo zuela ziurtatzeak min ematen zion, eta hala ageri zuen. Asiarrak sosegu handiz kontatzen zuen bizitza berri bati ekiteko unea iritsia zuela jabetu zela. Eta hala, senarra eta biak, hiria utzi, eta herri txiki batera joanak zirela, egunak dituen ordu guztiak nahierara bizitzeko asmoz, eta, batez ere, «bizitzen ari garela konturatzeko». Afrikarrari zorionak ihes egiten zion begietatik. Lagunek esaten zuten ilargia ez zela gehiago argituko harentzat, eta berak ezin zuen disimulatu itzalean geratzeak ematen zion poza. «Hala ere, oheratuko zara senarrarekin...» ausartu zen kazetaria. Barre-algara erantzun, eta ezezko borobila «kita, kita..» esanez bezala. «Zertarako?» ari zen galdetzen galdetu gabe, eta «gehiago ez! azkenean!» pentsatzen.
Eta hirurak ari ziren menopausiaz.
Europearrak zerrenda egiten zuen, lehendabiziko sintometatik azkenekoetara. Bizitza zailtzen zioten sintomak, denak: ustekabeko beroaldietatik eta lo egin ezinera. Asiarrak kontatzen zituen bizialdi berriak eragin dizkion hausnarketak. Afrikarrak barre egiten zuen.
Eta hirurak ari ziren menopausiaz.
Europearra antzezlan bat prestatzen ari zen terapia modura. Bere egoerari aurre egiteko. Menopausia garaian ere bera zela frogatzeko eta aldarrikatzeko. Asiarra baratzea lantzen ikasten ari zen. Afrikarrak ez zuen aldarrikatu beharrik, eta, segur aski, ilargiak argirik gabe utzi izanak baratzeko eginbeharretatik ere libre utziko zuen.
Hainbestetatik hiru emakume besterik ez ziren. Izan zitezkeen milioitatik hiru.
Aurten ez dut dokumentalik sumatu orain dozena bat urte asmatutako nazioarteko egunean. Naturaltasun seinale dela sinetsiko dut. Afrikartzen hasi garen seinale.
0 notes
Text
Gogoeta
Idurre Eskisabel. Berria, 2012-10-20 Bira
Orain gutxi Miarritzen paseatu ginen, fikziozko eremuetan: Valentino, Prada eta Dior-ez jantzitako manikiek bizitutako boutique debekatuetan, begiratu hutsarekin gu ez ginela hangoak oroitarazten ziguten saltzaile abegitsuen artean. Bihotza bitan zatituta itzuli ginen etxera: batetik, luxu hura azalean sentitzeak sorrarazi behar duen plazer eta botere nahasketarekin sabela kilimatuta; bestetik, trapu haietako baten ordainarekin hiruzpalau familiak hilabeterako aski dutela jakinik urdaila okaztatuta.
Forbes-en arabera, munduko aberatsena da Carlos Slim mexikarra, Salinas de Gortari presidentearen pribatizazio saldoari esker telekomunikazioetako magnatea —eta Felipe Gonzalez X jauna-ren adiskide mina—. Elkarrizketa egin diote El País-en, nola ez, krisiaz, irtenbideez, etorkizunaz. Orakuluaren rolean mintzatu da: ongizate estatu sendoegia eratu da Europan, eta hori da gaitza. Erremedioa, rotaflexa: 70 urte arte erretirorik ez, luzatu lanaldiak, murriztu eskubideak eta pribatizatu. Are, intelektual plantan, zibilizazio aldaketa izendatu du lehengoez gain beste milioika lagun batzuk pobreziara zigortzeko operazioa. Slimekin ametsetan esnatu naiz euskal herritarren zati batentzat gogoeta eguna dena honetan: Miarritzeko boutique-etan zebilen, opariak erosi eta erosi.
0 notes
Audio
17 urtez bidaiatzen! (lehen partea 1/2). Nola laburbildu Hondarribiko familia batek belauntzi baten 17 urtez egin duen bidaia? Ideia hau ukan duen Xanti Gonzalezekin solastatzeko aukera izan dugu … Lehen partea (1/2): Proiektuaren hastapenak eta lehen bizipenak. Jatorria: Radiokultura
0 notes
Text
«Gaur egun kontsumitzen dugun energiaren herena baino ez da beharrezkoa»
PAUL NEAU. EKOLOGIAN INGENIARIA.
Ekologian ingeniaria da Paul Neau, eta Negawatt taldeko 25 kideetako bat. Bizi! mugimenduak gomitaturik, energia iturri berriztagarrien eredua ukanen du hizpide Donibane Lohizunen, gaur eguerdian.
AITOR RENTERIA BAIONA / BERRIA
Paul Neau ekologia ingeniaria da eta Negawatt taldeko 25 kideetariko bat. Energia berriztagarrietan aditua da; bereziki, energia eolikoetan. Arlo anitzetako ikerlariek osatzen dute Negawatt taldea, eta, egin dituzten ikerketetan oinarrituz, petrolioa eta energia nuklearra baztertzeko beharra nabarmentzen dute. Energien baliatzea egiazko beharretara doituz, 2050ean energia berriztagarriak beharrak asetzeko gai liratekeela diote. Bizi! taldeak gomitaturik heldu da Lapurdira, gaur, 13:00etan.
Mintzaldia emanen duzu gaur Donibane Lohizunen. Zein izanen da gai nagusia?
Negawatt taldea aurkeztera nator, eta talde horren barruan egin ditugun ikerketen berri ematera. Negawatt taldearen inguruan ikerlari talde bat bildu gara, helburu argi baten inguruan: 2011-2050 epera begira, aztertzea nola ase ditzakegun energia beharrak. Baliatzen dugun energiaren doitzea, egiazko beharren heinera murriztea, hori da oinarrian dagoen abiapuntua. Energia zuhurtasuna suspertu behar dugu. Gure ohiturak aldatu behar ditugu, gizabanakoenak zein gizartearenak. Horretarako, aldaketa sakonak egin behar ditugu, etxeetatik hasita. Etxeen isolamendu egokia bultzatu behar da, energiarik ez xahutzeko. Horren araberako tresneria ezarri behar da etxeetan. Ororen buru, eta egiazki dauden beharrei ihardesteko, energia berriztagarriak baliatu behar dira, energia nuklearra baztertuz. Horrela jokatzen badugu, gaur egun behar dugun energiaren herena baino ez genuke beharko 2050ean. Gure proposamena ikerketetan, doikuntzan, teknologien moldaketan oinarritzen da. Teknikoki aztertu dugu, eta ikusi dugu gure proposamena bideragarria dela.
Ametsa baino ez dela erranen dute hainbatek.
Gure ikerketetan hipotesi errealistak baino ez ditugu onartu. Ez ditugu mirakuluak bilatzen, eta gaur egun baliatzen diren teknikak dira gure oinarria. Zuhur ari gara, eta gure kontsumoa murrizteko politika zehatza proposatzen dugu. Teknikoki egingarria da, eta oker gaudela erran dezakeen aditu bakar bat ere ez dago. Europako bertze herri batzuetan erabiltzen diren teknikak proposatzen ditugu. Diozuenez, 22 urteren buruan eredu nuklearretik atera daiteke. Nola egin liteke hori? Epe horretan energia fosilak eta nuklearra baztertuko genituzke. Neurketa zehatzak egin ditugu: azken zentral nuklearra 2033an itxiko litzateke. Baina kontua ez da nuklearrak gelditzea, baizik eta nola ordezkatu energia iturri hori. Ordezkatzea epeka egin behar da, aurrezpena bultzatuz eta jendeari zuhur jokatzen erakutsiz. Eraginkorrak izan behar dugu eta energia berriztagarriak baliatu.
Gaur egun, Frantzian baliatzen den elektrizitatearen %75 inguru zentral nuklearrek ekoizten dute, ordea.
Ekoizten den elektrizitatearen %75 nuklearra da, baina, aldi berean, kontsumitzen den energiaren %16 baino ez da. Ikatza, petrolioa, bertze hainbat energia iturri baliatzen ditugu gaur egun. Gure proposamena ez da elektrikoa, energetikoa baizik, eta, horregatik, energia iturri guztiak hartzen ditugu kontuan. Etxeen isolamendua berritu behar da. Berrietan erraza da; zaharretan, ez. Ezin da bat-batean egin. Plangintzak osatu behar dira, eta hori egiteko funtsa sortu, laguntza publikoetan oinarrituz. Pentsatzen dugu 40 urte beharko direla isolamendu egokiak lortzeko; orain kontsumitzen dugun energiaren herena baino ez da beharrezkoa. Horri erantzuteko ez dago molde bakar bat, molde osagarriak baizik. Biomasa izan behar da lehen energia iturria; alegia, erretzeko egurra. Bigarrena, haizea; hirugarrena, biomasatik ekoitzitako gasa; eta laugarrena, eguzki indarra. Gehiago badago; alegia, errekena, itsasoaren heina, uhinen indarra... Alternatiba eraginkorra osatzeko, ezin da bakar bat proposatu, guztien osagarritasuna behar da. Oinarria biomasa da. Egin dugun ikerketan kontuan hartu ditugu laborantza eta oihanek duten eremua. Ekoitz daitekeen energia kopurua zehaztu dugu, eta oinarri horrekin erraten dugu egingarria dela.
Irizpide horietan oinarrituz, energia berriztagarriak bultzatuz, 600.000 lanpostu sortuko liratekeela diozue. Nola?
Zuzenean 750.000 lanpostu sortuko lirateke; baina kontuan hartuz gaurko egituretan 150.000 pertsona ari direla eremu horretan lanean, erran dezakegu 600.000 lanpostu sortuko direla: 200.000 lanpostu sortuko lirateke energia berriztagarrien arloan; bertze hainbertze, etxeen isolamendu termikoa egiteko lanetan, eta bertze heren bat, garraioan.
Nola eragin daiteke gizartean, garraio ohiturak aldatzeko?
Aldaketa sakonak egin behar dira, baina ezin dira bat-batean egin. Ez ditugu autoak debekatu nahi. Egonen dira, baina gutxiago izango dira eta gutxiago erabiliko dira. Gutxiago kontsumitzen duten ibilgailuak beharko dira, eta ez bakarka erabili. Gaurko erregaiak baztertu, eta, horren ordez, bio-metanoa, biogasa... erabili beharko dira. Gisa horretan, gaur egun ditugun egiturak balia daitezke, aldaketa handirik egin gabe. Ezin dugu segitu energia kanpotik ekartzen. Ahal bezain hurbil ekoitzi behar da, eredu zentralistekin apurtuz, herritarrengandik hurbil.
0 notes
Text
Carrero Blanco eta bonba atomikoa
Nagore Irazustabarrena. Argia 2013-01-06.
Madril, 1973ko abenduaren 19a. Espainiako Gobernuko presidente Luis Carrero Blanco eta AEBetako estatu idazkari Henry Kissinger lehenengoaren bulegoan bildu ziren goiz hartan. 1968an Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Ituna sinatu zenetik, AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak eta SESBk soilik zuten arma horiek garatzeko eskubidea, eta Kissingerrek ez zuen beste inor nahi klub hartan. Espainiar Gobernuarekin aurrez zeukaten akordioa luzatzeko joan zen Madrilera; 1955eko akordioak programa zibila –energia nuklearra– garatzeko aukera ematen zien espainiarrei, baina ezin zuten arma nuklearrik fabrikatu edo gorde.
Carrerok, aldiz, itun berria nahi zuen. Eta presioa egiteko txosten bat eman zion Kissingerri; txostenaren arabera, Espainia plutoniozko bonba atomikoa egiteko gai zen atzerriko laguntzarik gabe. Erregimen frankistak izen bitxia jarri zion arma nuklearren programari: Islero, 1948an Manolete zezenketari ezaguna hil zuen zezenaren izena. AEBek Espainiari elkar defendatzeko itunik eskaintzen ez bazion, nazioarteko baimenik gabe askatuko zuten zezena.
Baina Kissingerrek betaurrekoetako kristala bezain lodia zuen azala, eta ederki toreatu zuen espainiar Mihura. Txostenak ez zuen harritu, halako mehatxuak jasotzen ohitua baitzegoen. Eta ez zuen ezertan amore eman. Ez zuen presarik. Bazekien Nixon administrazioak ez zuela besterik onartuko Espainian diktadura indarrean zen artean. Eta bazekien Islero programa martxan jartzeko espainiarrek gutxienez sei urte beharko zituztela, eta erregimen frankista azkenetan zegoela. Handik bi urtera, 1975eko abenduan, Franco hil berritan, elkar defendatzeko akordioa sinatuko zuten AEBek eta Espainiak. Islero erabat baztertuta zegoen ordurako.
Baina Carrerok ez zekien hura bere azken ekitaldi ofiziala izango zela, espainiar bonba atomikoaren proiektuaren defendatzaile sutsuenak, bidean, beste bonba batekin topo egingo zuela.
Biharamunean, Kissingerrekin bildu eta 24 ordura, Carrero Blanco mezetatik irten zen eta betiko bidea egin zuen. Claudio Coello kalean ETAk prestatutako bonbak eztanda egin eta Carreroren autoa bete-betean harrapatu zuen. Goma2-z egindako bonbak presidentearen plutoniozko ametsak suntsitu zituen. Ogro-ak zezena harrapatu zuen.
Ezkerrean, Henry Kissinger, AEBetako estatu idazkaria, eta eskuinean, Luis Carrero Blanco, Espainiako Gobernuko presidentea, 1973ko abenduaren 19an. Egun hartan bonba atomikoak izan zuen protagonismoa, baina biharamunean beste bonba batek kenduko zion.
3 notes
·
View notes
Video
Anton Abadia sariak: Mintzalagun. EITB. ETB-3n landutako erreportaje sorta, gazteei zuzenduta eta kulturarekin lotuta.
3 notes
·
View notes